Txurdinagabarriko Futbolean oinarritutako Oroipen Tailerra Alzheimerri buruzko VI. Kongresu Nazionalean

José Antonio Ezquerrak, Aita Menni Psikologia Saileko buruak eta Aita Menni Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak, Alzheimerri buruzko VI. Kongresu Nazionalean parte hartu zuen joan den hilaren 13an “Futbola eta oroimena” izeneko txostenean. Kongresua Alzheimerra eta bestelako dementziak dituzten Pertsonen Senideen Elkarteen Espainiako Konfederazioak antolatu zuen (CEAFA).

Txostenaren helburua Futbolari Beteranoen Elkarteen Espainiako Federazioak (FEAFV) Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren Salut i Envelliment Fundazioarekin (FSiE) antolatzen duen Futbolean oinarritutako Oroipen Tailerren esperientzia bertaratutakoei azaltzea zen.  Esparru horretan, Ezquerrak 2015eko urtarril eta apirilera bitartean 12 saioetan Bilboko Txurdinagabarriko Adinekoen Egoitzan egindako tailerra nabarmendu zuen. Tailerrean zentroko zazpi egoiliarrek parte hartu zuten. Parte-hartzaileek ekarritako objektuekin edo zenbait laguntzailek eskainitako material grafikoekin eta ikus-entzunezko materialekin oroipen-saioak egiteaz gain, José Angel Iribar atezain mitikoak zenbait egunetan tailerrean parte hartu zuen, Athleticek Ibaiganen duen egoitzara joan ziren, eta Athletic taldearen lehen mailako jokalari batzuk ezagutzeko aukera izan zuten. Halaber, San Mames zelai berrian ere izan ziren.

Aita Menniren izenean José Antonio Ezquerraz gain, FEAFVko eta FSiEko ordezkariek ere parte hartu zuten txostenean.  Juan María Zorrizquetak, FEAFVko presidenteak, futbolean oinarritutako oroipen-tailerren proiektuaren hastapenak, abian jartzea eta izandako bilakaera azaldu zuen. Tailer horiek, Bilboren aurretik Bartzelonan eta Valentzian jada antolatu dituzte, eta beste hiri batzuetan egiteko asmoa ere badute.

Bestalde, Sara Domenechek, mota horretako esku-hartzeen alderdi terapeutikoei buruz hitz egin zuen, eta parte-hartzaileen arretan eta oroimenean, gogo-aldartean, autoestimuan, elkarrekintzan eta gizarte-harremanetan duten alderdi positiboak nabarmendu zituen,

Txostenaren amaieran, FEAFVko Komunikazio-zuzendariak, Andoni Ayarzak, Valentzian eta Bilbon izandako esperientziak erakusten dituzten “Goles contra el olvido” eta “Fútbol, emoción y memoria” bideoak aurkeztu zituen.

Posted in Aita Menni