Rolling eta Beatles, Villabonako Santiago Egoitzan

Joan den uztailaren 3an, Villabonako adinekoentzako Santiago Egoitzako atzeko terraza agertoki bihurtu zen berriro Anakruxa taldearen kontzerturako.

Eguraldi txarrak eman zigun atsedenaldiaz baliatuta, Egoitzak Anakruxa taldea hartu zuen. Taldea Loatzo Musika Eskolako konbo bat da, eta izen horrekin estreinatu ziren, orain dela hainbat urte, gure zentroan egin zuten emanaldi batean. Harrezkero, formazioan aldaketak izan dira, baina taldeak harreman sendoa izaten jarraitzen du adinekoentzako Santiago Egoitzarekin, urtero pare bat kontzertu eskaintzen baitizkigu.

Oraingoan, kontzertua kanpoaldean egitea erabaki genuen, gure lan filosofia delako programatzen ditugun ekintza guztiak ikusaraztea eta komunitate osoa partaide bihurtzea.

Anakruxaren errepertorioa oso urrun egon zen horrelako kontzertuetan egin ohi denetik: herri kantak eta habanerak alde batera utzi, eta Rolling Stones eta Beatles izan zituzten gogoan, film ezagun batzuen soinu banden hainbat abesti interpretatzeaz gain.

Jaia amaitzeko, mikrofonoa zabalik geratu zen Egoitzako lagunek parte hartzeko, eta baten bat animatu zen, baita ongi aritu ere, zentroko kide, senide eta langileen txaloak ateratzeraino.

Posted in Aita Menni