Snoezelen gela: dementzia duten adineko pertsonentzako estimulazio sentsoriala

Sala Snoezelen de estimulación multisensorial en la Residencia Txurdinagabarri de Bilbao

Zer da estimulazio multisentsorial edo Snoezelen delakoa?

Estimulazio sentsorial, estimulazio multisentsorial edo Snoezelen delakoa terapia mota bat da, gaitasun bat edo gehiago murrizturik daukaten pertsonekin erabiltzen dena, hasi garapen motor edo neurologikoan kalteak dituzten haurretatik eta urritasun kognitibo larriak eta dementziak dituzten adinekoetaraino.

Zentzumenei esker, alde batetik, gure inguruan dagoena hautematen dugu; bestetik, geure burua bera hautematen dugu, bai barnera begira bai gure ingurunearekiko. Izan ere, zentzumenak dira komunikatzeko eta informazioa jasotzeko daukagun bitartekoa. Zentzumenak dira ikusmena, ukimena, entzumena, usaimena eta dastamena; baita orekaren zentzumena, beroaren pertzepzioa, gure gorputzeko askotariko atalen pertzepzioa eta minaren zentzumena ere. Zentzumenek “aktibatu” egiten dute gure burmuina, eta horri esker, “entrenatu”, indartu, informazioz betetzen dugu burmuina, ikasteaz eta ezagutzak geureganatzeaz gainera. Zentzumenek, azken finean, hazten laguntzen digute. Zentzumenek bat egiten dute burmuinaren eta nerbio sistemaren atal desberdinekin, “sistema sentsorialak” osatzeko.

Gaixotasun mental bat, autismoaren espektroko nahasmenduak nahiz dementziak dauzkaten pertsonek alterazioak jasan ditzakete beren sistema sentsorialetako batean edo gehiagotan, eta horrek alterazioak eragiten ditu beren garapenean eta ezagutzak hartzeko gaitasunean; gainera, alterazioak jasan ditzakete, halaber, beren jokabidean eta egoera emozionalean.

Sistema sentsorialak lagungarriak gerta dakizkiguke halako pertsonak beren inguruan daukaten errealitatearekin “konektatzeko”. Horri deitzen zaio estimulazio sentsoriala, estimulazio multisentsoriala edo Snoezelen delakoa, zeinak pertsonaren zentzumenak estimulatzea duen xede. Esku hartze honen helburu nagusia da estimulazio sentsorialaren bitartez ongizate sentsazioa indartzea, zentzumenei esperientzia aberats eta askotarikoa eskainiz, non soinuek, argiek, koloreek, usainek eta ukimen esperientziek parte hartzen duten. Hala, inguruan dutenarekin erlazionatzen eta beren gorputzaren eta izatearen kontziente izaten laguntzen diegu pertsonei.

Kontzeptu terapeutiko hau 70eko urteetan sortu zen, eta snoezelen hitza darabil, alegia, herbehereetako bi berbatatik abiatuz –snuffelen eta doezelen– osatutako termino bat, gutxi gorabehera “sentsazioez blaitu” eta “erlaxatu” edo “erdi lo egon” esan nahi duena (Hulsegge eta Verheul, 1987). 90eko hamarkadan, alor zientifikoak interesa jarri zuen metodo honetan, eta arlo terapeutikoan eta aisiaren arloan baloratu zen. 2000. urte inguruan iritsi zen Espainiara, eta gero eta presenteago dago askotariko nahasmenduak, dementziak eta jokabide alterazioak dauzkaten pertsonen tratamenduan.

Zer da Snoezelen gela edo estimulazio multisentsorialerako gela bat?

Estimulazio multisentsorialaren jarduera “Snoezelen gela” edo “gela multisentsorial” izeneko espazio fisiko batean egiten da. Soinuen, ukimen interakzioen, usainen, argi sentsazioen, dastamenaren eta abarren bidez esperientzia sentsorialak emateko prestatuta dago gela hori. Snoezelen espazioek, normalean, askotariko guneak dituzte estimulatu nahi diren zentzumenen arabera; dena den, gelan badaude elementu batzuk zentzumen bat baino gehiago aldi berean estimulatzeko balio dutenak.

Hona hemen Snoezelen gela batean egon daitezkeen elementu batzuk:

  • Kolore, forma eta intentsitate desberdineko lanpara eta argi proiektagailuak.
  • Argi zuntzak.
  • Argiak nahiz soinuak aktibatzen dituzten sakagailu, etengailu eta ukimen panelak.
  • Ispiluak.
  • Forma eta kolore anitzeko objektuak, askotariko materialez eta testura eta gogortasun maila desberdinez eginak, adineko pertsonak uki eta manipula ditzan.
  • Burbuila zutabeak.
  • Soinuak produzitzeaz gain, ukimena estimulatzen duten objektu eta materialak.
  • Aroma difusoreak, objektu aromatizatuak, olioak…
  • Askotariko janari likido eta solidoak, gatza, azukrea…
  • Erlaxatzeko elementuak, hala nola bibromasajerako koltxonetak, ur koltxoiak, puffak, eserlekuak, besaulkiak, kulunkaulkiak…
  • Musika erreproduzigailuak.

Askotariko materialak erabiliz, esku hartze hauek aplikatzen zaizkien pertsonek estimulu desberdinak jasotzen dituzte. Batzuetan, saioa bideratzen dutenek estimulazioen aplikazioa “gidatzen” dute, eta parte hartzaileari lagundu egiten diote gertatzen denaz kontzientzia hartzen eta askotariko elementuetan jarduteak estimuluak aldatzen dituela konturarazten. Beste batzuetan, pazienteak dira beren borondatearen arabera objektuak eta aparatuak erabiltzen dituztenak, eta laguntzen dagoen pertsonak, berriz, behatu besterik ez du egiten, protagonismorik hartu gabe. Batzuetan, zentzumen bat baino ez da lantzen; beste batzuetan, berriz, zentzumen bat baino gehiago aldi berean. Kasuaren arabera, intentsitate handiagoko estimuluak erabiltzen dira, edo bestela erlaxazioa eta lasaitasuna bilatzen da.

Zein dira estimulazio multisentsorialak adineko pertsonei dakarzkien onurak?

Hona hemen Snoezelen gela batean egin daitezkeen funtzioetako batzuk (Kwok, 2003):

  • Erlaxazioa.
  • Norberarenganako konfiantzaren garapena.
  • Autokontrola.
  • Esplorazioa eta sormena sustatzea.
  • Komunikazio on bat ezartzea.
  • Ongizate eta aisia sentsazioa ematea.
  • Aukeratzeko gaitasuna sustatzea.
  • Arreta eta kontzentrazio denbora luzatzea.
  • Jokabide aldaketa eta alterazioak murriztea.

Azterlan asko ez badago ere eta daudenak nahiko berriak badira ere, literatura zientifikoak adierazten duenez, metodo hau baliagarria da gaixotasun mentala, min kronikoa, desgaitasun intelektuala eta narriadura kognitiboa daukaten adineko pertsonentzat.

Narriadura kognitiboa edo dementziaren bat –esaterako, Alzheimerra– daukaten adinekoen kasuan, honako onura hauek lor daitezke:

  • Jokabidea eta umorea hobetzea.
  • Apatia txikitzea.
  • Jokabide alterazioak arintzea.
  • Antsietatea txikitzea.
  • Dementzia daukaten pertsonengan hobekuntza (Van Weert eta kol., 2005), (Patrick, G. Andretta, 2008), (Klages eta kol.., 2011).

Estimulazio multisentsorialeko gure saioetan, ohartu gara halako esku hartzeak bereziki aproposak direla jokabide alterazioren bat dagoen kasuetan.

Estimulazio sentsorialaren metodologia

Aita Mennin eguneroko bizimodurako metodologia funtzional eta praktiko bat planteatu dugu, zeinean zentroetako askotariko profesionalak inplikatuko diren. Hau da, Psikologia arloak gainbegiratuta, profesional desberdinek egin dezakete esku hartzea.

Adineko pertsonei zuzendutako estimulazio sentsorialeko saioak banakakoak izaten dira –paziente bat eta terapeuta bat–, eta 30 minututik 45era bitartean irauten dute.

Hauxe da saioen egitura:

  • Sartzeko eta irteteko agurren erritual bat betetzea, eta non dauden, norekin eta zer egingo duten jakinaraztea aurrez.
  • Arnasketaren kontzientzia hartuta arnastea. Hala, erabiltzailea erlaxatzeko moduan izango gara.
  • Afektua adieraztea.
  • Lantzen ari garen gorputz atalak izendatuz joatea.
  • Betiere pertsonaren gorputz jarrera zaintzea, uneoro eroso eta erlaxatuta dagoela bermatuz.

Oro har, maneiurako gako hauei jarraitzen zaie:

  • Giro atsegina sortzea.
  • Hautatzeko aukera izatea. Pertsonak hobesten duenari jaramon egitea.
  • “Bakean bizitzeko” aukera.
  • Denbora izateko eskubidea.
  • Estimuluen eskaintza selektiboa.
  • Saioa gidatzen duten langileen jarrera egokia.
  • Adineko pertsonaren eta terapeutaren arteko komunikazio afektibo egokia.
  • Pertsonari denbora ematea nahi duena adieraz eta erantzun dezan.

 

Iturriak:

• Snoezelen kontzeptua (Hulsegge eta Verheul, 1987).
• Estimulazio multisentsoriala Snoezelen espazioetan (Lazaro, Blasco & Lagranja (2010).
• Doktorego tesia, Patrick, G. Andretta-k argitaratua (2008).
• Gela Multisentsorialerako baliabide digitalak (Fonoll & Lopez, 2010).
• Adineko pertsonentzako, desgaitasun bat duten pertsonentzako eta mendetasun egoeran dauden pertsonentzako prestazioen gida. IMSERSO (2007). Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioa.
• Estimulazio multisentsoriala Snoezelen espazio batean. Snoezelen espazio edo estimulazio eta erlaxazio multisentsorialeko gela batean esku hartze bati ekiteko gida praktikoa. (Cid Rodriguez, Maria Jose, 2012).

Posted in