Eguneko zentroetan zaintzea

Eguneko Zentro Psikogeriatrikoa sortu zen besteren laguntza behar duten pertsona zaharrei mantentze-arreta eta errehabilitazioa emateko. Horren bidez, hauxe lortu nahi da: adineko pertsonek beren familia-ingurunean ahalik eta denbora gehien jarrai dezaten, eta beraien maila funtzionala eta bizitzaren kalitatea ahalik eta handienak izan daitezen.

Helburuak

  • Errehabilitazio funtzionala. Berariazko programak egiten dira, norberaren gabezia funtzionalak eta psikosozialak tratatzeko. Horrez gain, gaitasunak indartzen dira, bereziki, okerrera egiteko arrisku handia dutenak.
  • Osasun-laguntza. Pertsonen osasunaren jarraipena egiten dugu, osasun-etxeekin eta osasun mentala zaintzeko zentroekin koordinatuta. Erabiltzaileei eta senideei osasun-heziketa ematen diegu, eta osasunaren aldizkako azterketak egiten ditugu.
  • Erabiltzaileari eta bere inguruneari arreta eta laguntza ematea. Erabiltzailea ospitaletik kanpoko ingurunean bizitzeko gai izatea sustatu nahi dugu, batik bat.

Taldea

Diziplina anitzeko talde baten lan bateratua behar da arreta geriatriko espezializatua emateko. Hona hemen langile adituak:

  • Psikologo klinikoa
  • Gizarte-langilea
  • Erizaina
  • Erietxeko laguntzaileak
  • Monitoreak

Programak eta jarduerak

Zentroak, familiarekin ados jarri ondoren, ezarriko du erabiltzaileak zentrora moldatzeko behar duen aldia. Erabiltzailea zentrora joango da tarteka, eta pixkanaka zentrora moldatzen lagunduko diogu. Eguneko zentroak erreferentzia-laguntzaile bat esleituko dio erabiltzaile bakoitzari. Pertsona horrek arreta eta laguntza indibidualizatua eskainiko dio, bai hasierako moldatze-prozesuan, bai geroan, zentroan alta eskatu arte. Laguntzaile horrek bideratuko du familiaren eta gainerako taldekideen arteko informazioa. Zentrora moldatzeko aldian, diziplina anitzeko azterketa egingo zaio erabiltzaileari, haren egoera psikofisikoa eta soziala zehazteko. Azterketa hori egiteko parte hartuko dute zentroko talde terapeutikoko kide guztiek. Azterketa horren emaitzak aintzat hartuta, Banakako Arreta Plana prestatuko da, eta bertan jasoko dira laguntza-helburuak eta jarduerak, erabiltzaile horri zuzenduak. Plan hori erabiltzaileari eta familiari aurkeztuko diegu, eta erreferentzia-zentroan elkarrekin aztertuko dugu, beharrezko aldaketa edo doiketa guztiak egite aldera. Plana bukatutzat hartu ondoren, erabiltzaileari eta familiari emango diegu. Gero, sei hilabetez behin berrikusiko dugu, edo maizago, erabiltzailearen egoera nabarmen aldatzen baldin bada; eta beharrezko aldaketak egingo ditugu plana haren bilakaerari egokitzeko.

Estimulazio kognoszitiboa

Estimulazio kognoszitiboa, irakurketaren eta gaurkotasun-albisteen bidez.

Estimulazio kognoszitiboa, irakurketaren eta gaurkotasun-albisteen bidez.

Burmuinaren plastikotasunean oinarrituta dago esku hartzea. Izan ere, patologia negatibo batzuetan agertzen diren funtzionamendu kognoszitiboaren defizit batzuk itzulgarriak izan daitezke, edo ikasiz edo gainikasiz konpentsa daitezke. Honako programa hauek barne hartuta daude:

  • Egun on – Errealitatean orientatzea. Nahastea, desorientazioa eta oroimenaren galera tratatzeko metodoa da. Pazienteen gertaerak eta ingurunea erabiltzen dira estimulaziorako.
  • Oroimena. Iragana oraingoan oroitzea lortu nahi da, emozioen bidez orientatzen laguntzeko.
  • Entrenamendu kognoszitiboa. Dementzia-arazoei lotuta dauden galera kognoszitiboak tratatuko dira, eta norberak dituen gaitasunak indartuko.
  • Gaurkotasuna. Eztabaida-taldeak. Berriro orientatzeko, komunikatzeko eta pentsamendu abstraktua zaintzeko alderdiak lantzen dira.
  • Musikoterapia. Dementzia-arazoei lotuta dauden galera kognoszitiboak tratatuko dira, eta norberak dituen gaitasunak indartuko.

Errehabilitazio funtzionala

Osotasun fisikoa eta psikikoa zaintzeko gaiak jorratzen dira. Alde psikikoa honela zaintzen dugu: nork bere gorputzari buruz duen irudia landuz eta zailtasun-maila ezberdinetako gaitasun instrumentalak praktikatuz, ingurunean autonomo izaten laguntzeko. Honako programa hauek barne hartuta daude:

  • Nork bere burua zaintzeko gaitasunen programa. Adineko pertsonek gaitasun batzuk oraindik izan arren, batzuetan erabiltzeari uzten diote. Beraz, programan honen helburua gaitasun horiek lantzea eta indartzea da. Zainketa pertsonalen garrantzia azpimarratzen diegu, eta itxura fisikoa hobetzen laguntzeko gaitasunak irakasten dizkiegu. Horri lotutako lau oinarrizko programa egiten ditugu, maila ezberdinekoak: elikadura, jantziak, hortzetako higienea eta esfinteren kontrola.
  • Eguneroko jarduerak egiten entrenatzea. Helburua eguneroko bizitzan behar diren gaitasunak mantentzea eta indartzea da, eta bereziki lantzen dira norberaren gaitasunak, autonomiaren araberakoak.
  • Osasun-heziketa. Norberaren osasun-ohiturak entrenatzen dira, pertsona horren gaitasunak aintzat hartuta.

Aisialdia eta astia

Entretenitzeaz gain, gaitasun kognoszitiboak galtzen ari diren pertsonengan eskuko gaitasun sortzaileak indartu nahi dira. Honako programa hauek barne hartuta daude:

  • Eskulanak. Psikomotrizitatea lantzeko jarduerak egiten dira: begiak, eskuak eta gorputz osoa trebatzekoak. Horrez gain, taldeari buruzko alderdiak eta norberaren balorazioa lantzen dira.
  • Ludoterapia. Jolastea estimulazio-modu onargarria da.
  • Animazio soziokulturala eta komunitatearekiko harremana. Inguruneko errealitateari hurbiltzeko baliabidea da, aisiaren ikuspegitik. Sozializatzeko eta harremanetarako gune bat sortzen du, zentroaren barnean zein zentrotik kanpoan, azken hori ere oso garrantzitsua baita.

Errehabilitazio fisikoa

Gabezia psikomotorrei aurrea hartzeko eta tratatzeko egiten da. Horretarako, alderdi fisikoak, psikikoak eta sozialak lantzen ditugu. Honako programa hauek barne hartuta daude:

  • Mugitzea. Era iraunkorrean, antolatuan eta metodikoan egiten baldin bada, mugitzeko praktikak alde psikologikoari, sozialari eta fisikoari laguntzen die.
  • Berariazko errehabilitazio fisikoa. Gabezia fisiko bat edo gehiago tratatzeko helburuz egiten da.
  • Erlaxazioa. Erlaxatzea egokia izateaz gain, askotan atsegina ere izan daiteke.

Pastoraltza Programa

Zaintzen ditugun erabiltzaileen beharrizan espiritualei eta erlijiosoei erantzuna emateko helburua du. Horrela, urteen esanahia ulertzen laguntzen diegu giro familiarrean eta atseginean. Fededunak izan zein ez, pertsonen beharrizan espiritualei erantzuna ematen zaie, eta bizitzan zehar ikasi dituzten baloreak pizteko eta indartzeko bideak azaltzen zaizkie.

Familiaren arreta-programa

Eguneko zentroko ardatz nagusietako bat familia da. Honako hiru hauek dira esku-hartzearen funtsezko oinarriak:

  • Informazioa: zentroari buruzkoa eta zentroan zaintzen dugun senideari buruzkoa. Gainera, zalantza guztiak argituko dira.
  • Prestakuntza eta trebetasuna, erabiltzailearen eta familiaren arteko harremanean ager daitezkeen arazoak konpontzeko estrategiak ikasteko
  • Banakako laguntza psikologikoa.

Zentroak