Txurdinagabarri Eguneko Zentroa hasi da besteren laguntza behar duten adineko pertsonen familiei Laguntza Programa eskaintzen

Txurdinagabarri Bilboko Adineko Pertsonen Eguneko Zentroa hasi da besteren laguntza behar duten adineko pertsonen familiei 30 leku eskaintzen Laguntza Programan. Ekimen hori dagoeneko Joxe Miel Barandiaran Durangoko Eguneko Zentroan egiten da. Programa horren bidez, senideek asteko egun batean eguneko zentrora eramaten dituzte adineko pertsonak, bertan zain ditzaten.


Ahizpa Ospitalariak – Aita Menni arduratzen da Euskadiko sei eguneko zentro, adineko pertsonei zuzenduta, kudeatzeaz; eta Txurdinagabarri eta Joxe Miel Barandiaran zentro horietako bi dira. Hortaz, Bilboko zentroak bat egin du Durangoko ekimenarekin. 2013ko irailetik Durangon eskaini dira 25 leku: haietako 20 iraunkorrak dira eta larunbat eta igandeetan erabiltzen dira; eta gainerako 5 lekuak behin behineko egonaldietarako erabiltzen dira, beharren arabera. Txurdinagabarri Eguneko Zentroak 30 leku eskaini die besteren laguntza behar duten 60 urtetik gorako pertsonei: haietako 25 iraunkorrak dira eta 5 behin behinekoak. Larunbatean, adineko pertsona gainerako egunetan zaintzen duten senideek «atseden» txiki bat hartuko dute, bere adineko senidea zentroan zainduko baitute. Gainera, mendekotasun-egoeran dauden adineko pertsona horiek zenbait jarduera egiteko aukera izango dute, beraien gaitasunen arabera, eta beste pertsona batzuekin solasean arituko dira.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko foru diputatu nagusiak eta Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako foru diputatuak pasa den ostiralean bisitatu zuten Txurdinagabarri Egoitza eta Eguneko Zentroa, eta lan-saio batean parte hartu zuten. Bertan Durangoko Laguntza Programan parte hartu duten adineko pertsonen senideek, adinekoak zaintzen dituztenek, Bilboko beste pertsona batzuei bere esperientziaren berri eman zieten, pertsona horiek ere programan interesaturik daudelako. Foru Aldundiko ordezkarien topaketan, senideek zenbait proposamen egin zituzten, programa hobetzeko. Asmoa «programa hori Bizkaia osoan egitea da», Pilar Ardanzak esan zuenaren arabera.

Laguntza Programa Txurdinagabarrin abiarazi ondoren, Foru Aldundiak guztira 137.908 euro emango ditu; eta kopuru horren bidez leku eta egun bakoitzeko 56,06 euro ordainduko dira. Familiek 18 euro ordainduko dute programa erabiltzen duten leku eta egun bakoitzeko. Durangon Laguntza Programa ordaintzeko eman den kopuru osoa 114.923 eurokoa izan da. Topaketa berean, foru diputatuek 2013ko balantzea azaldu zuten, besteren laguntza behar duten adineko pertsonei zuzendutako gizarte-ekintzei dagokienez. Horrez gain, haiek azaldu zuten Bizkaiko lurraldean gaur egun 147 egoitza daudela, Foru Aldundiarenak, udaletxeenak eta pribatuak barne hartuta.

Guztira 10.135 leku eskaintzen dituzte egoitza guztiek, eta haietako erdiak publikoak dira. 2013an adineko pertsonak egoitzetan zaintzeko agindu zen aurrekontua 136 milioitik gorakoa izan zen. Gainera, ia 16 milioi euro eguneko zentroetan arreta emateko esleitu ziren. Pilar Ardanzak azaldu zuen familiek gehien eskatzen duten baliabidea mendekotasun-egoeran dauden adineko pertsonak etxean zaintzeko diru-laguntza dela. 2013an, 11.171 pertsonak jaso zuten mota horretako laguntza, eta kopurua guztira 42,5 milioikoa izan zen.

José Luis Bilbao Bizkaiko foru diputatu nagusia (bigarrena eskuinaldetik hasita) eta Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako foru diputatua (erdian) entzuten ari dira Jose Ezquerra Txurdinagabarri Eguneko Zentroko zuzendaria (ezkerraldean) ematen ari den azalpena, Aita Menni erakundeko kontseilukide batzuekin batera

José Luis Bilbao Bizkaiko foru diputatu nagusia (bigarrena eskuinaldetik hasita) eta Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako foru diputatua (erdian) entzuten ari dira Jose Ezquerra Txurdinagabarri Eguneko Zentroko zuzendaria (ezkerraldean) ematen ari den azalpena, Aita Menni erakundeko kontseilukide batzuekin batera.

Foru diputatua,Txurdinagabarri Adineko Pertsonak zaintzeko Eguneko Zentroari bisita egiten

Foru diputatuaK,Txurdinagabarri Adineko Pertsonak zaintzeko Eguneko Zentroari bisita egiten

Mendekotasun-egoeran dauden adineko pertsonak zaintzen dituzten senideak Txurdinagabarri Eguneko Zentroan Laguntza Programari buruz elkarrekin mintzatzen

Mendekotasun-egoeran dauden adineko pertsonak zaintzen dituzten senideak Txurdinagabarri Eguneko Zentroan Laguntza Programari buruz elkarrekin mintzatzen.

 

Posted in Aita Menni