Adinduen presioaren ondoriozko ultzerak prebenitzea

Zer dira presioaren ondoriozko ultzerak?

Presioaren ondoriozko ultzerak dira gorputzak hainbat materialekin etengabe duen presioagatik edo ukitzeagatik sortzen diren lesioak. Presioaren ondoriozko ultzerak ohean edo eserita postura berean denbora asko ematen duten pertsonengan agertu daitezke, baina baita ere diagnostiko edo tratamenduko elementuak etengabe ukitzeagatik, hala nola zundak, maskarak, ferulak, igeltsuak…

Larruazalaren gune jakin batean presio etengabea egiteak ehunak zapaltzea eragiten du, eta, odolaren zirkulazioa galarazten duelarik (iskemia), ehun horietako zelulen heriotza eragiten du (nekrosia).

Ez badira neurri egokiak hartzen, gerta daiteke lesioak, azala kaltetzeaz gain, horren azpiko ehunei ere eragitea, eta are muskuluari edo hainbat organori.

Presioaren ondoriozko ultzerak edozein adin tarteko pertsonengan agertu daitezke, baina adineko pertsonengan aukera gehiago dago horiek sufritzeko, talde horretan ultzerak agertzen laguntzen duten arazo gehigarri gehiago egon ohi delako:

  • Ohean edo besaulkian egonaldi luzeak egitea.
  • Mugikortasun falta.
  • Hezetasun gehiegi txiza edo gorozki inkontinentziagatik.
  • Lesioak hautemateko maila txikia dementziagatik edo arazo kognitiboengatik.
  • Zirkulazio arazoak.
  • Larruazala egoera txarrean.
  • Higiene txarra.
  • Desnutrizioa, deshidratazioa, argaltasuna, obesitatea.

Adinduengan non agertu ohi dira presioaren ondoriozko ultzerak?

Ultzerak larruazala hezur baten eta kanpoko elementu baten artean denbora luzean konprimituta egoten den gorputzeko guneetan agertzen dira.

Puntos de aparición de úlceras en personas mayores
Ahoz gorako etzanera (dekubito dortsala):

  • Burua
  • Omoplatoak
  • Ukondoak
  • Sakroa (bizkarrezurreko beheko aldea)
  • Orpoak

Ahoz beherako etzanera (dekubito pronoa):

  • Kopeta
  • Bularrak (emakumeengan)
  • Genitalak (gizonengan)
  • Belaunak
  • Oinetako behatzak
Puntos de aparición de úlceras en personas mayores

Alboko etzanera (dekubito laterala):

  • Belarriak
  • Sorbaldak
  • Saihetsak
  • Aldakak
  • Belaunak
  • Orkatilak
Puntos de aparición de úlceras en personas mayores

Eserita:

  • Garondoa
  • Omoplatoak
  • Ukondoak
  • Sakroa
  • Ipurmasailak
  • Gihar bikiak
  • Orpoak

Zein dira presioaren ondoriozko ultzerak izatearen arriskuak?

  • Lesioak eragindako mina, eta azalekoa izan daiteke edo zauri bihur daiteke.
  • Infekzioak
  • Anemia

Presioaren ondoriozko ultzerak garatzeko faseak

  1. Lehen fasea. Presio etengabea nozitzen duen gunea gorritu egiten da.
  2. Bigarren fasea. Babak agertzen dira, itxiak edo irekiak, edo sakonera txikiko ultzera irekiak (“haragi bizia”).
  3. Hirugarren fasea. Larruazala desagertu egin da. Ehun adiposoa agerian geratzen da, baina muskulu, hezur edo tendoi ehuna ez.
  4. Laugarren fasea. Ultzerazioa muskulu, hezur, artikulazio eta are hainbat barrunbe organikotaraino iristen da, eta horiek ikusi egiten dira.

Nola prebenitu presioaren ondoriozko ultzerak?

Adinduaren larruazala zainduz:

  • Begiratu ondo gorputzeko larruazal guztia gutxienez egunean behin.
  • Garbitu larruazala ur epel eta xaboi neutroarekin.
  • Larruazala lehortzen duten ingurugiroko faktoreak arindu, hotza saihestuz eta giroko hezetasuna %40 baino gehiago dela bermatuz.
  • Hidratatu larruazala.
  • Saihestu desnutrizioa eta mantendu pertsona ondo hidratatuta.
  • Inkontinentzia badago, erabili botatzeko pixoihalak eta aldatu sarri.
  • Bultzatu odolaren zirkulazioa larruazalean, garbitu ondoren masaje arinak eginez.
  • Saihestu hezur irtenguneetako masajeak.
  • Saihestu oheko arropako zimurrak.
  • Erabili teknika egokiak posizio eta transferentziarako, larruazala igurtzi gabe.

Adinduaren mugikortasuna eta posizio egokia erraztu:

  • Ahal badu, lagundu bere kabuz mugi dadin.
  • Ohean badago eta berak bere kabuz ezin badu, 2 orduan behin postura aldatu.
  • Eserita badago postura orduro aldatu, pixka bat jasoz eta alboetarantz mugituz.
  • Erabili bizkarralde altua duen besaulkia, burua eta bizkar osoa bermatzeko.
  • Jarraitu postura aldaketak egiten baita adinduak eskaren aurkako koltxoia edo kuxinak erabiltzen baditu ere.

Larruazalaren gaineko presioa murriztuko duten gailu lagungarriak erabili:

  • Eskaren aurkako koltxoiak eta kuxinak (aparra, airea, ura, gela, silikona).
  • Babes bereziak: eskaren aurkako mantak, orpoetakoak, belaunetakoak, ukondoetakoak.

Nola tratatu presioaren ondoriozko ultzerak?

Larruazaleko presio guneak gorrituta agertzen badira edo lesioak badaude:

  • Medikuak edo erizainak lesioak baloratzea, eta ezartzen den tratamenduaren jarraipena egitea.
  • Mantendu prebentzio neurriak.
  • Mantendu egoera nutrizional egokia.

Iturriak:

García-Fernández, FP; Soldevilla-Ágreda, JJ; Pancorbo-Hidalgo, PL; Verdú Soriano, J; López-Casanova, P; Rodríguez-Palma, M. Prevención de las úlceras por presión. Grupo Nacional para el Estudio y Asesoramiento en Úlceras por Presión y Heridas Crónicas – GNEAUPP Dokumentu Teknikoen I Seriea. Logroño. 2014.

Arango, C.; Fernández, O.; Torres, B. (2017). Úlceras por presión. Tratado de Geriatría para Residentes. Madril: Espainiako Geriatria eta Gerontologiako Elkartea.

Manual de habilidades para cuidadores familiares de personas mayores dependientes. Madril: Espainiako Geriatria eta Gerontologiako Elkartea. 2013.

Rodríguez Torres, M.C.; Díaz Martínez, J.M. Herramientas para cuidadores de pacientes con heridas crónicas. Grupo Nacional para el Estudio y Asesoramiento en Úlceras por Presión y Heridas Crónicas – GNEAUPP Posizionamenduko Dokumentuen 13 Seriea. Logroño. 2016.

Rodríguez-Palma M.; López-Casanova P.; García-Molina P.; Ibars-Moncasi P. Superficies especiales para el manejo de la presión en prevención y tratamiento de las úlceras por presión. Grupo Nacional para el Estudio y Asesoramiento en Úlceras por Presión y Heridas Crónicas – GNEAUPP Dokumentu Teknikoen XIII Seriea. Logroño. 2011.

Posted in