Adineko pertsona

Gernu inkontinentzia adinduengan

Área de Persona Mayor

 

Gernu inkontinentzia txizak nahi gabe ihes egitea da, eta pertsonari nolabaiteko molestia eragiten dio, eskuarki une edo leku desegokian gertatzen delako.
Gernu inkontinentzia adinduengan

Zer da gernu inkontinentzia?

Gernu inkontinentzia txizak nahi gabe ihes egitea da, eta pertsonari nolabaiteko molestia eragiten dio, eskuarki une edo leku desegokian gertatzen delako.

Gernu inkontinentzia ez da gaixotasun arriskutsutzat jotzen, baina batzuetan patologia serio baten sintoma izan daiteke –adibidez, esklerosi anizkoitza dagoenean–, eragozpen hutsetik harantzago. Gernu bidean arazoren bat dagoela ere adieraz dezake, eta orduan hobetu egin daiteke tratamendu egoki baten bidez.

Zergatik gertatzen da gernu inkontinentzia?

Gernu inkontinentzian funtzio fisiologiko bat galtzen da, gernu kontinentziaren funtzioa; funtzio hori umetan “ikasten” da, eta maskuriaren (bertan gordetzen da txiza) eta uretraren (txiza ateratzeko kanala da) arteko koordinazioari esker lortzen da. Gernu kontinentzia da gure uretrak maskurian dagoen txizak egiten duen presioari eusteko duen gaitasuna, geure borondatez hustea erabakitzen dugun arte, txiza egiteko gogoaren (txizagura) erreflexua jaso eta gero.

Adinduarengan kontinentzia egoteko, hainbat egoera elkartu behar dira:

  • Maskuriak txiza behar bezala gordetzeko egoeran egon behar du.
  • Uretrak maskuria behar bezala husteko egoeran egon behar du.
  • Pertsonak txizagura hautemateko gaitasun kognitiboa eduki behar du.
  • Pertsonak txiza egiteko behar besteko motibazioa eduki behar du.
  • Pertsonak txiza egiteko leku egoki batera erraz joateko modua izan behar du.
  • Behar besteko mugikortasuna eta trebetasunak izatea.

Ez dugu pentsatu behar inkontinentzia bakarrik gernu aparatuaren arazoa dela, hau da, adinduaren hainbat organo edo sistemarekin lotuta egon daiteke: nerbio aparatua, aparatu genitala, aparatu lokomotorra, etab.

Zalantzarik gabe, zahartzaroak aldaketak dakartza organismoan (gernu aparatua, bagina, zoru pelbikoko muskuluak, nerbio sistema…), eta aldaketa horiek pertsonak inkontinentzia nozitzeko aukera gehiago izatea eragiten dute, baina ezin da onartu besterik gabe zahartzen garelako gertatzen dela gernu kontinentzia galtzea.

Osasun arazo hori adinduengan ohikoa bada, hori gertatzen da zahartzaroan bertan eragin handiagoa duten hainbat egoera elkartzen direlako:

  • Aldi berean hainbat osasun arazo egotea: prozesu neurologikoak, gernu aparatuaren arazoak, hezurretarako eta artikulazioetako arazoak…
  • Narriadura funtzionala: mugikortasunik eza edo dementzia.
  • Medikamentu kopuru handia hartzea.

Zenbat adinduri eragiten die?

Gernu inkontinentziak 65 urte baino gehiagoko pertsonen %20-%25i eragiten die gutxi gorabehera, %15eko prebalentziarekin etxean bizi eta sano daudenen artean, %30-%35eko prebalentzia ospitalean dauden adinduen artean, %50 ingurukoa etxean bizi diren adindu “hauskorrengan”, eta %43-%77koa egoitzetan bizi diren lagunen artean.

Ohikoagoa da emakumeengan (2-3 emakume gizon bakoitzeko), baina zifra berdindu egiten da 80 urterekin, batez ere egoitzetan bizi direnen artean. Arraza guztietako kideei berdin eragiten die.

Gernu inkontinentzia areagotu egiten da adinarekin, eta berdin gertatzen da bere larritasunarekin (maiztasuna eta bolumena).

Zer gernu inkontinentzi mota existitzen dira?

Eboluzio denboraren arabera:

  • Gernu inkontinentzia iragankorra edo akutua, 4 aste baino gutxiagoko iraupenarekin.
  • Gernu inkontinentzia egonkorra edo kronikoa, 4 aste baino gehiagoko iraupenarekin.

Eragiten duen egoeraren arabera:

  • Urgentziazko gernu inkontinentzia: txizak nahi gabe ihes egitea, aurrez txiza egiteko premia larria eta kontrolaezina gertatu eta gero.
  • Esfortzuzko gernu inkontinentzia: ohikoa da emakumeen artean, eta esfortzu bat egiten denean nahi gabe txiza galtzea da, esaterako, eztul edo doministiku egitean.
  • Gernu inkontinentzia mistoa: urgentziazko eta esfortzuzko inkontinentziaren konbinazioa da.
  • Gernu inkontinentzia erabat ez husteagatik (edo gainez egitea): ohikoagoa da gizonen artean, eta tanta jarioa edo etengabe ihes egitea da, maskuria ez delako guztiz hustu. Ager daitezkeen beste sintoma batzuk dira: txiza txorrota ahula, txiza egitea etetea eta hasteko zailtasunak izatea.
  • Bideratu daitezkeen arrazoiengatik gertatzen den gernu inkontinentzia: Behin-behineko arrazoiak (haurdunaldiari edo erditzeari lotutako faktoreak, gernu aparatuko kirurgiak, inpaktazio fekala, txizaren ekoizpena handitzea, loaren nahasmenduak…) edo arrazoi funtzionalak (hainbat faktorek eragindako eldarnioa, depresio larriak eragindako motibazio falta, mugikortasuna urrituta izatea, txiza egitera joateko laguntza falta…).

Larritasunaren arabera:

  • Gernu inkontinentzia arina.
  • Gernu inkontinentzia moderatua.
  • Gernu inkontinentzia larria.

Nola baloratzen da arina, moderatua edo larria den?

Sandviken larritasun mailaketa

Inkontinentziaren larritasun maila kalkulatzeko, ihesen maiztasuna eta bolumena biderkatzen dira.

Zer maiztasunekin gertatzen da txiza galtzea?

0 = Inoiz ez
1 = Hilean behin baino gutxiago
2 = Hilean behin edo hainbatetan
3 = Astean behin edo hainbatetan
4 = Egunero / gauero

Zenbat txiza galtzen da aldiko:

1 = Tanta batzuk edo oso gutxi
2 = Gehiago

Emaitza:

0 = Ez dago ihesik
1 – 2 = Arina
3 – 4 = Moderatua
6 – 8 = Larria

Zein dira gernu inkontinentziaren ondorioak adinduengan?

Adinduen gernu inkontinentziak gainbehera fisikoa, funtzionala eta emozionala eragin dezake, eta ondorio funtzionalak, psikosozialak eta are ekonomikoak dauzka.

Inkontinentziak eta sortzen dituen molestiek bakartze soziala eragin dezakete, depresio koadroak eta antsietatea.

Txiza egiteko premia, halaber, erortzeko eta haustura gehiago gertatzeko kausa da, eta instituzionalizatzeko motiboetako bat da (egoitzan sartzea).

Gernu inkontinentzia nozitzeko arrisku faktoreak

  • Adin aurreratua
  • Sexu femeninoa
  • Narriadura kognitiboa
  • Mugikortasunik eza
  • Narriadura funtzionala
  • Idorreria
  • Eztul kronikoa
  • Diabetes mellitusa
  • Gaixotasun zerebrobaskularra
  • Hainbat farmako (diuretikoak, hipnotikoak, antipsikotikoak, antidepresiboak, kaltzio-antagonistak, antikolinergikoak, opiazeoak)
  • Genitaletan edo gernu aparatuan aurrez egindako kirurgia
  • Txiza infekzioak
  • Inpaktazio fekala gertatzea
  • Inguruneko oztopoak

Zein dira gernu inkontinentziaren kausak?

Askotarikoak dira:

  • Lesio genitourinario bereziak
  • organismoaren aldaketak adinari lotuta, eta
  • egoera komorbidoak (aldi berean hainbat gaixotasun edo nahasmendu gertatzea)

Gernu inkontinentzia senda daiteke?

Tratamendu egokien bitartez, posible da gernu inkontinentziaren maila %30-%40ko portzentajean murriztea, eta larritasuna %40-%50 inguru murriztea (maiztasuna eta bolumena).

Nola jardun adinduengan gernu inkontinentzia agertzen denean?

Famili medikuarengana joan, eta berak egingo ditu egin beharreko balorazioak, eta, beharrezko baderitzo, kasua espezialistarengana bideratuko du, gehienbat Urologiara edo Ginekologiara.

Nola trata daiteke gernu inkontinentzia?

Adinduengan gernu inkontinentzia tratatzeko, beharrezkoa da kasu bakoitzaren ikuspegi pertsonalizatua lantzea, eta aurreikuspen errealistak izatea lor daitezkeen emaitzei dagokienez.

Dementzia larria edo atzeraezinezko arazo neurologikoak dituzten pazienteengan, edo gaixotasun kroniko eboluzionatuengatik egoera fisikoa oso hondatuta duten adinduengan, gerta daiteke gernu inkontinentzia sendatu ezin izatea.

Kasu horietan, helburua litzateke ahal den heinean inkontinentziaren ondorioak arintzea, pazienteari lehor mantentzeko beharrezko materialak emanez (pixoihalak, kolektoreak). Gernu inkontinentzia bat tratatzeko zundak erabiltzea ez dago inoiz justifikatuta, ez bada egoera terminalean dauden pazienteak direla, erosotasun neurri moduan, edo presioagatik ultzera handiak dituzten pazienteak direla, azala lehor mantentzeko eta ultzerak sendatzen laguntzeko.

Osasun egoera mantenduta duten pertsonengan, lankidetzarako gaitasuna badute, eta inkontinentzia agertzeko kezka duten kasu guztietan, ebaluazio bat egin beharko litzateke, jarraibide diagnostiko bat lortzeko eta tratamendu bat planeatzeko.

Tratamenduak bilakaera hau izan behar luke:

  1. Bizimodua eta higiene neurriak eta dietetikoak aldatzea.
  2. Zoru pelbikoko muskuluak leheneratzeko programak eta portaeraren trebakuntza.
  3. armako bidezko tratamendua.
  4. Tratamendu espezializatuak.

Neurri orokorrak eta erizaintzako zainketak

  • Espazio fisikoa:
    • Ingurune egokia (intimitatea, komunera erraz joatea, arrisku eta oztopo arkitektonikoak saihestea, argiteria ona edukitzea…).
  • Zuzeneko zainketak:
    • Arazoa hobetu daitekeelako ideia azaldu, informatu eta transmititu, edo gutxienez arazoarekin nola bizi daitekeen.
    • Autoirudia eta autoestimua sustatu.
    • Kaleko arropa erosoa eta erraz jantzi eta eranztekoa erabili: hobe kremailerak edo belkroa botoiak baino, errazago ireki eta ixten direlako.
    • Harreman sozialak sustatu (irteerak eta paseoak).
    • Higiene pertsonala sustatu eta erakutsi, pertsona txiza egiten saia dadin, gogorik izan zein ez izan, 1,5-2 orduz behin, horrela denbora gehiago egoteko maskuria hutsik duela eta ihesak saihesteko.
    • Aldizka edo beti pixoihala erabili (edo gauekoa).
    • Elikadura orekatua eta landare zuntz asko duena (inpaktazio fekala galarazteko).
    • Pisu egokia mantendu eta ariketa fisikoa egiteko ohitura izan.
    • Osagai minak edo edari narritagarriak saihestu (kafea, alkohola).
    • Hidratazio egokia (batez ere egunez).
    • Oheratu baino 2-3 ordu lehenago likido gutxiago hartu eta juxtu oheratu aurretik txiza egitera joan.

Tratamendu berezia gernu inkontinentzi mota bakoitzerako

  • Portaera terapia
  • Tratamendu farmakologikoa
  • Errehabilitazio teknikak
  • Tratamendu kirurgikoa

 

Iturriak:

Gil, P., Aceytuno, M., Esperanza, A., Miralles, R., Prado, B., Riera, M, Roqueta, C. y Verdejo, C. Gui?a de buena pra?ctica cli?nica en geriatri?a: incontinencia urinaria. Sociedad Espan?ola de Geriatri?a y Gerontologi?a. Madrid, 2012.

Méndez, S., Salinas, J. y Verdejo, C. Actualizaciones terapéuticas. Incontinencia en el anciano. Salud e incontinencia. Sociedad Espan?ola de Geriatri?a y Gerontologi?a. Madrid, 2013.

Buitrago, S., Cerdán, J., Cerdán, C., Esteban, M., Gómez, A., Ortega, M. y Vigara, M. Actualizaciones terapéuticas. Incontinencia en el anciano. Abordaje terapéutico y manejo de la incontinencia. Sociedad Espan?ola de Geriatri?a y Gerontologi?a. Madrid, 2013.

Artikuluak

Sedestazio indibidualizatua

Jorge Olmo

Fisioterapeuta. Kalte Zerebralaren Zerbitzua. Aita Menni Neuroerrehabilitazio Zentroa (Bilbo).

Adineko helduaren osasun mentala

Manuel Martín Carrasco

Psikiatra psikogeriatrian espezialista. Euskadiko eta Nafarroako Ahizpa Ospitalarioen zuzendari medikoa.

Artritisa eta artrosia adinekoengan

Área de Persona Mayor

Desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko lege berriari buruz

Minerva de Cos Moreno

Gizarte langilea. Jokabide asalduarekin Desgaitasun Intelektuala eta Autismoaren Espektroko Nahasmenduen Unitatea.

Osasun mentala eta COVID-19a

Manuel Martín Carrasco

Psikiatra psikogeriatrian espezialista. Euskadiko eta Nafarroako Ahizpa Ospitalarioen zuzendari medikoa.

Snoezelen gela: dementzia duten adineko pertsonentzako estimulazio sentsoriala

Área de Persona Mayor

Futbolean oinarritutako erreminiszentzi terapia

José Antonio Ezquerra Iribarren

Psikologoa. Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen Adineko Pertsonen arloako arduraduna.

Aita Menniren jarduera asistentzialean esku-hartze psikologikoek duten eginkizuna

José Antonio Ezquerra Iribarren

Psikologoa. Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen Adineko Pertsonen arloako arduraduna.

Disfagia (irensteko zailtasuna) eta bere tratamendua adineko pertsonengan

Área de Persona Mayor

Transferentzia garabien erabileren auditoretza, Etxekek Laguntza Produktuen Foru Zerbitzuaren barruan

Sonia Espín

Terapeuta okupazionala. Etxetek.

José Ignacio Quemada Ubis

Psikiatra. Ahizpa Ospitalarien Kalte Zerebraleko Menni Sareko zuzendaria.

Txomin Ruiz de Gauna

Controller. Etxetek.

Nola aldatu izarak ohean dagoen pertsona bati?

Área de Persona Mayor

Nola bihurtu bainugela gela irisgarri

Marta García Carmona

Terapeuta okupazionala. Kalte Zerebraleko Zerbitzua. Aita Menni Ospitalea.

Nola aldatu pixoihala etzanda / ohean dagoen pertsona bati?

Área de Persona Mayor

Pertsonarengan Oinarritutako Arreta Ereduaren ezarpena

María José Nova Sánchez

Psikologo klinikoa. Adineko Pertsonen Arloa. Aita Menni Ahizpa Ospitalarioak.

Adinduen presioaren ondoriozko ultzerak prebenitzea

Área de Persona Mayor

Adinekoetan idorreria kronikoa saihesteko zainketak

Área de Persona Mayor

Adinekoek beroarengatik arazoak saihesteko gomendioak

Área de Persona Mayor

Adinekoentzat ariketa fisikoa egiteak dituen onurak

Eloi Nin

Mediku errehabilitatzailea. Kalte Zerebralaren Zerbitzua. Aita Menni Ospitalea.

Beherakoa adinekoen artean

Área de Persona Mayor