Adinekoentzat ariketak egiteak dituen onurei buruzko saio klinikoa Aita Mennin

Adinekoentzat ariketak egiteak dituen onurei buruzko saio klinikoa Aita Mennin

Adinekoentzat ariketa fisikoa egiteak dituen onurak  gaia jorratu zuen Aita Menni Ospitaleko Eloi Nin Errehabilitazio medikuak duela gutxi Arrasaten eskainitako saioan. Hitzaldia gure erakundean asistentzia psikogeriatrikoan lan egiten duten profesionalentzat eta gure egoitzetako eta eguneko zentroetako arduradunentzat izan zen.

Nin doktorea Medikuntza Fisikoan eta Errehabilitazioan mediku espezialista da, eta esperientzia du Neuroerrehabilitazioaren arloan eta prestakuntza desgaitasunaren eta gorputzeko kaltearen balorazioan. Hitzaldia hasteko, “bizi-itxaropena gehitzea gure gizartearentzat lorpen handia da” adierazi zuen. “Gero eta urte gehiago bizi gara –esan zuen–, baina egia da, baita ere, gero eta jende gutxiago jaiotzen dela eta etorkin gutxiago daudela; biztanleria zahartzen doala esaten da“.

Eloi Nin-ek adineko pertsonak 3 taldetan bereizi zituen haien osasun-egoera kontuan hartuta: osasuntsua, ahula eta gaixo geriatrikoa, eta adineko pertsona ahulengan ariketa fisikoaren programak aplikatuz gero desgaitasuna atzera daitekeela adierazi zuen.

Ahultasun egoera batetik desgaitasun-egoera batera igarotzeko hainbat faktore gertatzen dira; hala nola, gaixotasun kronikoak, ohitura txarrak edota besterik gabe faktore genetikoak (muskulu eta eskeleto sisteman gertatzen diren aldaketak). “Sarkopenia –muskulu-masaren eta horren kalitatearen galera– gurpil zoroa da: muskuluaren indarra, potentzia eta erresistentzia murrizten ditu, eta horrek eguneroko bizitzako jarduerak egitea zailtzeaz gain, erorketak izateko arriskua areagotzen du, nekea eta ariketak egiteko zailtasuna gehitzearekin batera. Eta adineko pertsonak ariketarik egiten ez badu, sarkopenia areagotzen da.

Aita Menniko espezialistak adierazi zuen, hori saihesteko, adinekoen indarra, potentzia eta erresistentzia ez ezik, gaitasun aerobikoa eta malgutasuna ere entrena daitezkeela; era horretan, Estatuko Osasun Sistemak argitaratutako “Documento de consenso sobre prevención de fragilidad y caídas en la persona mayor” lanean jasotako gomendio batzuk aipatu zituen. Bertan, oinarrizko irizpideak eta jarraibideak biltzen dira adinekoentzat osagai anitzeko jarduera fisikoaren gaineko programa espezifikoak burutzeko eta abian jartzeko.

Azalpenaren ondoren, Aita Mennitik saio klinikora joandako profesionalek beren iritziak partekatu zituzten jarraibide horiek eguneroko lanean aplikatzearen inguruan.

Sartu hemen Eloi Nin-en Adinekoentzat ariketa fisikoa egiteak dituen onurak artikulu tekniko osoa ikusi nahi izanez gero.

 

Adinekoentzat ariketak egiteak dituen onurei buruzko saio klinikoa Aita Mennin

Tagged with: , , , ,
Posted in Aita Menni